TAKING TOO LONG?
CLICK/TAP HERE TO CLOSE LOADING SCREEN.
CLOSE SEARCH

Zaituztet

Hemendik aurrera, iruzkinak ere artikulu modura plazaratuko ditut, bestela parrafo bakarrean agertzen direlako, aski desitxuraturik. Nahi duenak normal erantzun dezala, iruzkinetatik, eta gero erantzuna neuk ekarriko dut gune honetara

Kaixo Santi.

Diozu:

“Fenomeno konplexuak kausa bakar batera murriztea ez baita sobera zilegi”

Esango nuke:

“Fenomeno sinpleetarako kausa konplexuak bilatzea ez baita sobera onuragarri”

Sinple jarraituta:

Katalana eta espainola oso antzekoak dira. Euskara eta espainola, oso desberdinak.

Euskal Herrian euskaraz bizitzeko esfortzu existenzialari ekin eta erdibidean gelditu den jendea, Kataluñan katalanez bizitzekoa bururaino eraman duen jende berbera dugu.

Oso antzeko tipolojia bateko kideak.

Desberdintasun nagusiak? Bi ikusten ditut.

Bat: guk askoz lan handiagoa egin dugu haiek baino.

Bi: katalana bereganatzea erraza izan zaie eta guri zaila, ordea, euskara geureganatzea.

Marka da gero, haienak dirudi meritua eta gureak demeritoa.

Nahiz eta euskaldunok, super-seguru nago, askoz lan handiagoa egingo genuen.

Sinplekeria gehiago:

Bazeukan Euskaltzaindiak bere partez jartzerik, euskaldunontzat hau guztia errazago izan zedin?

Horixe bazeukala. Artikuluan saiatu naiz azaltzen, era sinplistan, zergatik ez zen gertatu: lojikoa ikusten zelako, diglosiari aurre egiteko, euskaratik espainola erauztea. Ezen ez kontrakoa, noski.

Baina ez zuen funtzionatu. Bageneukan zaila, berez, euskara bakarraren zabalkundea. Besteak beste, hautatutako aditz sistemak milaka hiztun natural oso urrun uzten zituelako. Urrunen gelditzen zen hiztun multzorik potenteena, dudarik gabe, bizkaitarrena. Halere, onartu besterik ez dugu izan, kitto, ez dago beste barriketarik: euskara batuak ezingo luke funtzionatu bi aditz sistema desberdinekin.

(Akaso, bizkaieraz erabiltzen den subjuntibo miragarria –askoz sinpleagoa- adoptatu beharko zuen batuak, baina horretan bai ez naizela nor.)

Guztiarekin baina, eta urteak aurrera joan ahala, euskara “zaila” ez ote zen, edo gutxienez euskaldun askori “zaila” ez ote zitzaion egiten, ideia arriskutsu hori, normala den moduan, hasi zen zabaltzen jendartean.

Normala den moduan.

Ez bakarrik erdaldunen artean, baizik eta baita jatorrizko hiztun euskaldun askoren artean ere: euskara berria zaila egiten zitzaielako, baina dirudienez ezin zuten halakorik esan. Izan ere, jendeak bere baitan zerabilen “zailtasunari buruzko” pertzeptzioa zabaltzeaz bat, berehala beste “mantra” bat ere zabaldu zelako euskal munduan, zeinaren bidez, euskara “zaila” zela zioena, nonbait, euskararen aurka ari baitzen. Euskalduna izan arren (horiek maltzurrenak, batzuen ustez).

Zaila egiten bazaizu ere, ixo. Bestela kro-kodiloak jango zaituelako.

Esan dezakezu txinera zaizula zaila, milaka miloi txinatar, koitadoak, ofendituz -jakingo balute!-, edo alemana, baina ez euskara.

Zailtasunari buruzko mitoak, euskararen irudirako positibo ala negatibo joka ote zezakeen, hor ere, gure buruaz trankilago aritu izan bagina, agian kontuari aterako genion bestelako punta publizitariorik:

“Euskara, ergelak onartzen ez dituen hizkuntza”

Baina tira; horretan ere, sentitzen genuenaren beldurrez aritu izan gara, trauma linguistiko eta konplejo kulturalen gatibu. Batuaren Pater Fundazionalak barne, susmoa dut.

Normala den bezala.

Ez adierazi zaila egiten zaizunik, etsaiari armak ematen dizkiozulako.

Ok.

Zoritxarrez baina, ez dirudi zailtasunari buruzko pertzeptzioak, urteekin, hobera egin duenik. Gure lagun baten aita ondarrutarrak esaten zuen moduan, algo por será

Hizkuntza alkimia okerretan ez ote garen ibili, beraz…

Euskarak berezko dituen osagarri paregabeak, aldekotasunez hartu beharrean, hiztun askok aurkakeriaz dakuskiela orain. Badirudielako beharrezkoa dutela, haien euskarazko jarioa jario izan dadin, erdera “kopuru” bat erabiltzea.

Hizkuntza alkimia zuzena izango zen, orduan, banan banan gure baliabide linguistikoak ondo aztertu eta estrategiak horren arabera antolatzea, zailtasunak arindu eta automatismoak sortzeko. Baina ez dira horretan ibili gure adituak.

Hiztun batzuentzat orain arazo ei da “nor-nork” sistema.

Ene.

Gauza orgasmikoagorik ez badago ere, maite duzun norbaiti…

ZAITUT

esatea baino.

Euskararen ederrean, beti sinetsiko.

Kategoria: Artikuluak