Xabier Amurizak idatzia, bere nobeletako batean: “Aitita Eolio prebisore ilusoa izan zen”.
“Prebisore”, eta ez hiztegiak dakartzan “zuhur” edo “ernai”, ezta “aurre-ikusle” modukorik ere.
“Ilusoa”, eta ez hiztegiak dakartzan “inozo” edo “sinesbera”, ezta “baikor” modukorik ere.
Prebisore ilusoak izan ote ziren euskara batuaren koordenadak ezarri zituztenak?
Euskararen zabalkundea ez da katalanarena bezain modu arrakastatsuan gertatu, baina katalanaren zabalkunde arrakastatsuak ez dauka euskararen nola-halakoaren bezainbesteko meriturik. Azken batean, katalana eta espainola oso hizkuntza antzekoak direlako, ia hizkuntza berbera ez esatearren. Antzekoagoak, haien artean, arratiarra eta aetza baino. Beraz, nahikoa da euskararen zabalkundearen porrotaren kontuagatik euskaldunok gure burua jipoitzeaz. Arrakasta erdiestea, euskaldunontzat, askoz zailagoa zelako. Euskal Herrian egoera soziolinguistikoa bazelako hamaika aldiz korapilatsuagoa, abiapuntuz.
Eta baita, ondoren, Euskaltzaindiak zabaldutako euskara batuaren eredu, neurri batean, zaputzarengatik ere.
Neurri aski inoperantegi batean, garbizaletasunean oinarrituta egoteak, euskarazko hiztegietara igo gabe euskaldun gehienek erabat barneraturik zituzten espainolezko hitz eta esamoldeak –prebisore, iluso- eta haien ordez proposatuta, ordea, euskaldun gehienentzat praktikoki ezezagunak ziren euskarazko hitzak, hiztun euskaldun pilo bat erretraitu egin zituelako euskararekiko.
Zenbait kasutan, baita era gogorrean betirako akonplejatu ere, batez ere euskaldun zahar arrunt ugari, haien euskara dialektal ezinbestez espainoldua kaka zaharra zelakoan.
Ondorioz, zera gertatu da: euskaldun zahar nahiz berri askori, euskara batua egiten zaiela ez-komunikatiboa. Batez ere, delako errejistro informaletan. Normala den moduan, hiztun gehienek momentuz ez dakitelako euskara batua, informal egiteko, nola apurtu edo dekonstruitu.
Orduan, ongi ezagutzen duten hizkuntza apurtu edo dekonstruituan baino (euskalkian ala espainolez, edo bietan) ez dituzte euskaldun horiek aurkitzen –behar linguistiko bati buruz ari gara- komunikazio kolokialetarako esamolde egoki gehienak.
Bizitza errealean bezala, baita fikzioan ere. Adibidez bikoiztutako pelikuletan, telebistan ia inork aguantatzen ez dituenak, ikusle gehienei martzianoa bezain gertukoa egiten zaielako bertan ageri den bikoiztutako euskara ustez eta kolokiala.
Hortik datoz bikoiztutako filmek euskal telebistan izaten dituzten audientzia datu hutsalak, eta baita, horretaz ia inork hitz egin ez arren, bai euskarazko beste komunikabide askok –euskal telebistak ia bere osoan ez ezik euskarazko prentsa gehienak- eta baita euskal literaturak, orohar, duten harrera komertzial eskasa. Horietan guztietan, erabilitako euskara eredua Euskaltzaindiak indar agintzaile sinboliko ia gaindiezinaz hobetsi edo aholkatu izan duen euskara eredu garbizalearen gatibu gelditu delako. Badirudi irratia gehiago libratzen dela gatibutasun horretatik, bertan ahozkotasuna askoz bapatekoagoa eta kontrolagaitzagoa delako.
Euskaltzaindiaren eredu garbizale eta aski inoperantearen gatibu, baiki, Euskal Telebista ez ezik euskarazko literatura eta baita prentsa idatzi gehiena ere.
Ikustea besterik ez da behar, arrakasta masibotik zein urrun dauden hedabide ia guztiak, batzuetan ideolojikoki oso desberdinak izan arren. Maila teorikoan hor kanpoan -bereziki unibertsitatean- listo asko ibili arren, modurik kontundenteenean beti hitz egiteko prest, euskal telebistari buruz batez ere, haien esku balego bezala, zerbitzu sozial egoki baterako ez ezik, arrakasta komertzialerako giltza, ya, seguru baietz. Baina hain da argigarria, baita ezker abertzalea boterean izaniko tokietan ere, normalean soziolinguistikoki ondoen dauden eskualdeak, zein zaila izan zaion, ia ezinezkoa, euskara erabateko normalizazioraino zabaltzea…
Are oztopo exojeno garbirik ez dagoen herrietan ere. Askotan, bertako herritar zein agintari euskaltzaleenen inkonprensio eta exazperaziorako.
Arazoaren parte ez txikia, esan bezala, zabaldutako hizkuntza ereduan badagoela, berriki arte, ia inork ikusi nahi izan ez duelako, menturaz. Halako itsutasun historiko moduko hori, aposteriori, primeran ulertzen bada ere. Nola ez da, bada, ulertuko? Duela 40-50 urte hartu beharreko erabaki linguistiko haiek, orduan, nahiko hil ala bizikoak izango zirelako. Are gehiago, zera ikusirik: euskarak ez zuela ia sekula kontsiderazio kulturik izan historian zehar. Gauzak horrela, priorizatu edo lehenetsi egin beharko zen, normala den moduan, eredu ahalik eta garbiena, eta ez, preseski, espainolak zabartutakoa. Ados! Nork egingo zuen kontrakoa?
Normala den moduan –lojikoena dirudien moduan!-diglosiaren aurka borrokatzeko, euskaratik espainola erauztea bazelako, zalantzarik gabe, biderik zentzudunena, ezta?
Ba agian zer, eta kontrakoa egin behar zen orduan: euskaldun gehienek oso oso barneraturik zituzten erdal hitz zein esamolde espainol ugariok, euskara mota desberdinen arteko zubi edo aglutinante –eranskari- modura erabili.
Hegoaldeko euskaraz ari naiz: trinkotzea lortu izan balitz, hizkuntza gune handi, dentso eta ondorioz –grabitatearen legeari jarraiki- denontzat erakargarri, baita iparraldekoentzat ere, suertatu izango zena.
Ez da ahaztu behar katalana erraz konpaktatu izan dela, hain zuzen ere, espainolaren oso antzekoa delako. Antzekotasun hori izan da, katalan hizkuntzan barneratzeko, aski sarbide komodoa, bai espainolaren inposaketa urte gogorren ondorioz katalana ia galdu edo erdipurdi jakingo zuten bertako askorentzat, eta baita -zer esanik ez- kanpotik etorri eta katalanez ezer ez zekiten espainolentzat ere. Baina euskararekin, Euskal Herriko biztanleak, linguistikoki, antzeko egoeran -edo are okerragoan- izan arren, kontrakoa gertatu zen: hautatutako hizkuntza eredua espainoletik ahalik eta aldenduen egotea –lojikoki, teorian- bilatzen zelako. Praktikan, gerora ikusi da, zoritxarrez, beharbada Euskal Herriak ez zeukala, orduan, indar sobranterik euskalkietan ohikoak ziren espainolezko hitz eta esamolde askorik gabeko euskara ofizial bakar eta berriztu bati arrakastarako aukera nahikorekin ekiteko.
Kontrakoa egin behar al zen?
Hau da: tarte batez, egoera soziolinguistiko diglosikoarekin estratejikoki bat eginda, nork bere buruari txertoa edo bakuna jartzen dionaren antzera, euskara modu itxuraz zabar horretan zabaltzen hasi, espainolezko hitz eta esamolde gehienei muzin egin gabe.
Gero bai: fase diglosiko hori ongi burututakoan, behin eta estratejia homeopatiko moduko horrekin bukatu ostean beraz, prozesuan nagusitasuna hartu beharko zuten, nola ez, hizkuntzaren garbizaleek -garbizale edo, beste barik, euskararen tradizio errotu guztien ezagule eta aditu handiek- euskarari itzularazteko berezko dituen ahalik eta errekurtso aberats gehienak edo guztiak.
Ados.
Baina ez hasiera hasieratik, gerora ikusi izan den moduan, halakorik hasieratik egiteak erronka handiegia zekarkielako hiztun gehiegiri, batez ere euskaldun zaharrei.
Badakit orain oso erraza dela hitz egitea. Hau esateko edo ia edozer esateko.
Normala den moduan, garai hartako euskaltzainei ezinezkoa izan zitzaien zetorrenari igartzea.
Hau da, euskara batu garbizalearen erronka itzelari heltzeak hiztun ez profesionalei ekarri behar zien, eta ondorioz gehienek bete behar ez zuten, lanaren nolakotasunari antzematea. Hiztun ez profesionalen bizimodu arruntetan, norberaren bizimoduaren parte nagusi bat ia konsagratu behar izatea zertan, eta hizkuntza minorizatu baten berreskurapenean, jatorriz norberaren hizkuntza bada ere, ez delako lehentasunen arteko lehena izaten ez hemen ez seguruenik beste inon.
Begira Irlandari.
Ez aipatzearren hizkuntzaren bizipen estetikoa: norberarena izan ohi ez den eredu linguistiko berri bati heltzean, kasu honetan batuari, transformismotik ere badaukan ariketa intimo eta oso intentsoa denez gero, aldeko kondizioak beharko ditu hiztunak, ahalik eta aldekoenak.
Duela 40 urte euskaldunon kasuan, inolaz ere, ematen ez zirenak.
Ez naiz bakarrik ari errepresio kontextuez, baizik eta baita egoera soziolinguistiko kontsolidatuez ere. Gure kasuan, arestikoen ondorio badira ere. Alegia, errepresioak ekarritako erdararen nagusitasuna manifestatzen da euskaratik kanpo eta baita euskararen barruan ere.
Gauzak horrela, beraz, erraztu beharra zegoen euskara batuaren zabaltze berez inzierto edo dudazkoa.
Abiapuntuz, ez halako garbizale jarrita.
Baina nola antzeman orduan!
Orain, euskara eredu komertzialki zaputz horren gatibu bizi da euskaldungoa, argitzal ikaragarrien artean. Hiztun batzuk badira, kualifikatu edo super-kualifikatuak. Eta besteak, gehienak, gero eta desastreago, espainol noranahiko eta omnipresentea eskura izanda, motibazioz inoiz baino eskasago dabiltzanak, euskara profesional horri heldu, eta haien egunerokotasunean kalzadorez sartzeko.
Baina orain oso berandu ematen du euskara batu dekonstruituago (momentuz erdararen bitartez, nahi eta nahi ez,) eta, ondorioz, askoz zabarragoa hedabide ofizialetan eta administrazioan onartzeko.
Euskararen profesionalok ez genuke onartuko, orain, euskararen barruan lexiko itxuraz españolizanterik. Neurria hartu eta gero, hiru hamarkadatan zehar landu ostean, Euskaltzaindiak hobetsitako garbiagoari. Bai horixe; sekulako kirrinka egingo liguke, bapatean, “influentziatu” bezalako aditzak, 30 urte pasa ostean, berriz entzun edo irakurri behar izateak. Baina euskaratik bizi ez diren hiztun aktibo eta ez profesional askok -halakorik inon gelditzen baldin bada- eskertu egingo liguke, nago, halako eredu itxuraz zabarrago bati ekingo bagenio.
Ez dakit, ez nago seguru.
Ez dakit zer egin behar den.
Gainera, norabide aldaketa erabakiko bagenu ere, ez dakit egiteko gauza izango ote ginatekeen, honezgero garbizalekeriak kutsatuegi gaudelako gehienok eta, dirudienez, barne inplosio baterantz daramagu euskara.
Euskarak sekula izan duen elite linguistikorik zabalena osatzen dugu -milaka lagunek osatua!- eta, ordea, bakarrik eta triste sentitzen gara, inork ikusiko ez bagintu bezala, gailur jendetsu bezain isolatu horretan.
Duela 30 urte, hizkuntza eredu errazagoa eta komertzialagoa suertatuko zen euskara lexikoki zabarragoa. Bere zabarrean, arrakasta sozialerako askoz aukera handiagoak bazituena, orain arte ofizialki zabaldu izan den eredu garbiagoak -edo ez hain espainolduak- baino. Ikustea besterik ez da behar, oraindik ere, zein egoera patetikoak ematen diren kazetaritzan eta literaturan, esate baterako, euskaraz idazten dutenen lagun giro zein familia barruan, non adiskide eta senide asko eta asko ez baitira gauza izaten, ezin gertuago dituzten kazetari eta idazle lagun edo familia-kide maite horien lanak edo obrak, ezta irakurtzeko ere. Euskaltzaindiak hobetsi edo aholkatutako euskara eredu garbizalearen ondorioz, dozenaka hitz eta esamolde ez-ohiko aurkitzerakoan normalean motibazioa galtzen dutelako. Oso gauza tristea, ez bakarrik adin bateko alfabetatu-gabeen artean gertatzen ari dena, baizik eta, baita ere, ikastolara joan izandakoen artean ere. Ikusten denez, edade batetik aurrera, euskaradunen bideak erabat bereizten direlako. Euskara eredu ofizialari ganoraz heltzeko lan nahikoa egiten dutenak, ondoren, euskararen profesional bilakatzen dira –irakasle, teknikari, kazetari, itzultzaile- eta besteak bidean gelditzen dira, kitto.
Nahiz eta oso geltoki desberdinetan gelditu, bizi diren herrietan euskarak sozialki duen presentziaren arabera normalean. Baliteke oso herri euskaldun batean bizi den norbaitek euskalkian hitz egiteari bai eustea eta ez, esate baterako, prentsa eta -are gutxiago- literatura irakurtzeari. Toki ez euskaldunetan bizi diren hiztun gehienak, ordea, ikastola utzi ostean ez dira euskara eredu ofizialera bueltatuko, salbuespenak salbu, ezta hiztun gisa ere.
Gaur egun, gero eta handiagoa da -batez ere toki ez euskaldunetan- euskaraz teorian badakiten gazteen artean irekitzen ari den arrakala. Nahiz eta denak antzeko ikastoletatik pasa, gero batzuek badaukate sekulako euskara maila –biharko profesionalak- eta besteak –gehiengo ustez eta elebidun hori- erabateko inopian gelditzen dira euskararekiko
Ez dirudi ezta ikastolan ibili direnik ere.
Gauzak horrela, erreakzioz noski, zenbait tokitan euskalkiak indartzen ari dira, oraindik ere gune linguistiko dentsoak osatzeko gauza badirelako, fisikoki nahiz estetikoki erakargarriak beraz, gune txikiak badira ere.
Lena gexa erutenginan baine hamen nakazu bizuneako
Beti barre bateaz arpexan
Sekulako neska jatorra za
Zure edadeako oso maduri za
Guapisimi za
Ia laster eotengazen kariño❤